Proiektua

Orain arte, guk dakigula, inoiz ez zaie galdetu emakume gazteei, gure emakumezko talentuari, zer pentsatzen duten, zerk kezkatzen dituen, zergatik ez duten aukeratzen Lanbide Heziketa tekniko-industriala, LHko STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) deritzona. Zer ekarpen egin behar die STEAMLHk emakume gazteei, erakartzeko? Zergatik aukeratzen dituzte horiek beste bide batzuk? Nola ikusten dute euren etorkizuna epe laburrera eta luzera? Hori dela eta, balio erantsi hau emango dugu proiektu honen bidez: gizarteari ideia horiek, pentsamendu horiek ezagutaraztea, eta saiatzea enpresek, ikastetxeek, erakundeek eta, oro har, gizarteak datu horietan oinarrituta gogoeta egin eta jardun dezaten.

Genero-estereotipoak desagerrarazi nahi ditugu

Protagonisten erantzunak abiapuntu hartuta, hainbat neurri proposatuko ditugu, genero-estereotipoak oztopo izan ez daitezen STEAM prestakuntza-zikloak aukeratzeko garaian. Ondoren, neurri horietan oinarrituta, gidak eta ikus-entzunezko materialak sortuko dira,  genero-estereotipoak gainditzeko.

ANIMATU ETA ERANTZUN. ZU LH ZARA. LANBIDEAN/LANERAKO HEZIA

LHko emakumezko ikasleak ZARETE protagonistak, STEAMLH ikasten ari zaretenok. Zuek izango duzue ahotsa, eta protagonista gisa mintzatuko zarete STEAMLHaren esparruan erakartzen edo aldentzen zaituztenari buruz.

Zergatik aukeratu zaitugu?

Gipuzkoako eta Nafarroako Lanbide Heziketa publikoko beste 3.300 ikaslek hartu dute parte, zurekin batera. Zuek zarete protagonistak, eta inork baino hobeto dakizue zerk eraman zaituzten LHko adar bat edo beste bat aukeratzera. Gure ustez, gauza asko duzue esateko eta erakusteko, eta ekarpen asko egiteko (hortik eslogana: LHak gara, Lanbidean/Lanerako Heziak).Zu zara etorkizuna, zuek zarete etorkizuna.

Nola lagundu dezakezu?

Inkesta anonimo erraz honetako galderei zintzo erantzunez. Hartu denbora eta erantzun, ondo ikusita ez dagoen zerbait erantzutearen beldur izan gabe. Erantzun guztiak dira baliozkoak, eta, zintzoak badira, askoz ere baliozkoagoak.

Eta, gero, zer?

Inkesten emaitzak ditugunean, horien berri emango dizuegu. Horrez gain, hainbat neurri asmatuko ditugu, genero-estereotipoak oztopo izan ez daitezen zuen prestakuntza eta zuen etorkizuna aukeratzeko garaian. Neurri horietan oinarrituta, gidak, ikus-entzunezko materiala, ahalduntzeko eta genero-estereotipoak gainditzeko lantegiak eta abar gauzatu daitezke.